Iraunkor

Zer da Iraunkor?

Amorebieta-Etxano Iraunkor Elkartea, iraunkortasunaren eta jasangarritasunaren aldeko elkartea da. Lur baliabideen potentziala aztertzeko eta gizarte-metabolismo iraunkorra sustatzeko helburuarekin eratu da. Prozesu natural eta gizarte-prozesuen arteko elkarreragina eta prozesu horien ondorioz sortzen diren fluxu materialak aztertuko ditu. Tokiko ekoizpena eta kontsumoa bultzatuz, tokiko garapen iraunkorra eta ekonomia zirkularra aktibatzeko asmoa du, eta aldi berean paisai emankor bat jorratu.

Zergatik Iraunkor?

Amorebieta-Etxano Iraunkor Elkartearen sorrera gizarte-ekimen batetik abiatutako lan baten ondorioa da, Etxanoko Andra Mari Berri auzo elkarteak iraunkortasun kontzeptua ulertzearen behar izanetik hain zuzen ere. Lan horretan Bartzelonako arkitekto eta ikerlari talde batek (Eneka Quintana eta Urtza Uriarte euskaldunak barne) Amorebieta-Etxanoko udalarekin batera Lurralde eta Iraunkortasunaren kontzientziazio eta jakintzaren inguruan proiektu bat aurrera eraman zuten. Emaitza, “Oinak lurrean·Con los pies en el suelo” liburua, gaur egungo material fluxuen egoeraren diagnosian datza.
Hau oinarritzat hartuta, Iraunkor Elkartea sortzea erabaki zen.

Helburuak

Elkartearen helburuak honakoak dira:

  • Tokiko ekoizpenaren eta kontsumoaren garapena bultzatuz eta material-fluxuen zikloa itxiz giza metabolismo iraunkor bat sustatu, tokiko ekonomia-zirkular moduan uler daitekeena.
  • Gizarte hau hornitzeko lurraldeko baliabideen ahalmena aztertu.
  • Giza metabolismo iraunkor bat bultzatzen duten ekoizpen eta kontsumo sistemez kontzientziatu eta jendarteratu.
  • Lurraldearen gehieneko ustiapen ahalmen iraunkorrerako estrategiak landu, bultzatu eta ezarri.
  • Profesional ezberdinentzako; bai enpresa, unibertsitate, instituzio akademiko eta bai giza metabolismo iraunkor batean inplikatuak dauden Administrazioentzako topaketa gune bezala balio izatea, hala nola, nazio-mailako elkarte eta baita, europar eta internazionalak diren elkarteekin kontaktua mantentzea.

Lan eremuak

Elkartearen lan esparrua gizarte-metabolismoa eta honekin zerikusia duen guztia da. Prozesu natural eta gizarte-prozesuen arteko elkarreragina eta prozesu horien ondorioz sortzen diren fluxu materialak aztertuz, honako lan-eremuetan oinarritzen du bere lana:

    Sentsibilizazioa

    Ekintzen inguruko informazioa eman, ideiak eta iritziak eman herritarren partaidetza sustatuz eta, aldi berean antzekoak diren egoera eta esperientziak ezagutuz.

    Energia

    Lurraldearen baliabideen azterketa, honek duen potentziala ustiatzeko estrategia egokiak ezarriz, betiere modu iraunkorrean eginez.

    Lur bankuak

    Amorebieta-Etxano mailan, lur bankuen potentzialaren azterketak burutu, ondoren nekazaritza edo energia aktibatze proposamenetarako.

    Kontsumitzaileak

    Lurraldearen produkzio-bideragarritasunaren inguruko ikerketak egin.

Nortzuk osatzen dugu Iraunkor?

Iraunkor, irabazi asmorik gabeko elkarte irekia da. Era guztietako jakintzadun bazkideez eratua dago, herritar ororen irudikapena egon dadin.