Iraunkor taldearen aurkezpena
Martxoaren 12an, Amorebieta-Etxano Iraunkor Elkarteak bere aurkezpena egin du Zelaieta Zentroko Auditorioan. Elkarte honek duen helburua, lur baliabideen potentziala aztertu eta gizarte-metabolismo iraunkorra sustatzea da.
Elkartea sortu aurretik ibilbide bat izan da. Etxanoko Andra Mari Berri auzo elkarteak iraunkortasun kontzeptua ulertzearen behar izanetik, Bartzelonako arkitekto eta ikerlari talde batek (Eneka Quintana eta Urtza Uriarte euskaldunak barne) Amorebieta-Etxanoko udalarekin batera Lurralde eta Iraunkortasunaren kontzientziazio eta jakintzaren inguruan proiektu bat aurrera eraman dute. Lan honen emaitza, “Oinak lurrean·Con los pies en el suelo” liburua izan da Iraunkor elkartearekin batera aurkeztu zena.
Lan esparruetako bat elikagaien kudeaketa da. Tokiko ekoizpen ekologikoa sustatu, eta herriko kontsumoa bultzatzeko helburuarekin lanean; bestela esanda, tokiko ekonomia zirkular eta iraunkorra bilatzen.
Gaur egun, 9 ekoizle daude, eta, etorkizunean, eskariaren eta eskaintzaren orekara heldu gura bada, ekoizle berriak beharko dira, eta elkartea arlo hori sustatzeko prest dago.
Landu beharreko beste arlo bat kontsumitzeko ohituren gaineko hausnarketa gizarteratzea da, hau da, sentsibilizazioaren eremua lantzea. Eta, horrekin batera, kontsumo eredu berria sustatzen ahalegintzea: eskariaren araberako ekoizpena.
Elikagaiekin batera, energiaren ekoizpen eta kontsumo iraunkorra da beste lan esparruetako bat. Beste lan arloetako bat lurren kudeaketa da: lurjabe eta ekoizleen (ortuetarako, biomasa lehengaiak lortzeko…) arteko bitartekaritza egitea bi aldeetarako onuragarriak diren bideak lantzeko.
Aurkezpenaren ondoren, tokiko ekoizleen eskutik elikagaien dastatzea eskeini da Iraunkor elkarteak Euskal Herria enparantzan prestatu duen lokalean.